//Arkitektoen arteko eztabaida ostegun honetan Bilbon, etxebizitza publikoaren etorkizunaren inguruan

Arkitektoen arteko eztabaida ostegun honetan Bilbon, etxebizitza publikoaren etorkizunaren inguruan

  • Mahai-ingurua ‘Housing the Basque Country’ Euskadin 1981 eta 2018 artean Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikuntzari buruzko erakusketaren programaren baitan antolatu dute.

 

  • Eztabaidan parte hartuko dute Miguel Ángel Alonsok (Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendaria), Beatriz Matosek (Madrilgo Unibertsitate Europarreko irakaslea), Javier Cenicacelayak, UPV/EHUkoa, eta Nerea Morgadok, Visesako zuzendari teknikoa.

 

Norantz doa etxebizitza publikoa Euskadin? Eraikitako etxebizitzak egungo gizartearen beharrizanetara egokitzen al dira? Nola hobe liteke? Zein izan da azken hamarkadetako bilakaera? Baliteke galdera horiek guztiak, eta gehiago, izatea ostegun honetan, maiatzak 17, Bizkaia Aretoan antolatutako mahai-inguruko aztergaiak. Eztabaida ‘Housing the Basque Country’ erakusketaren programaren baitan antolatu da, eta ekimena Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatu du.

Mahai-ingurua arratsaldeko zazpietan hasiko da eta bertaratzea doakoa izango da, aretoa bete arte. Moderatzailea erakusketaren bi komisarioetako bat, Luis Suárez, izango da. Eztabaidan parte hartuko du Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendari Miguel Ángel Alonsok, AH Asociados estudioaren sortzaileak, eta enpresa hori da, besteak beste, Bizkaia Aretoaren erakusketan Loiuko promoziorako hautatutakoa.

Alonsorekin batera arituko da Beatriz Matos, berak diseinatu zuen, baita ere, ‘Housing the Basque Country’ erakusketan parte hartzen duen Basauriko etxebizitzen proiektua. Madrilgo Unibertsitate Europarrekoa da. Halaber, mahai berean eseriko da Javier Cenicacelaya, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta Miamiko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendari-ohia. Amaitzeko, Nerea Morgado ere izango da bertan, Visesako zuzendari teknikoa. Visesa etxebizitza publikoaren promozioak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren sozietatea da.

Arkitekturak funtsezko garrantzia izan du Euskadiko etxebizitza publikoaren promozioaren azken 37 urteotan, eskumenak transferitu zirenetik. Denbora horretan, babes ofizialeko 104.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira, eta horien heren bat, 35.200, Eusko Jaurlaritzak sustatu ditu zuzenean.

Ekainaren 30era arte

‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi / Euskadiko Etxebizitza Publikoa) 1981-2018’ erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Hiru aretotan banatu dute, Bizkaia Aretoaren lehenengo solairuan. Lehenengo aretoan, Chillida aretoan, garai horretako 30 proiektu berezi eta esanguratsu hautatu dira.

Axular aretoan, ‘Etxebizitza eta hiria’ izenburupean, Luis Asínen argazkilaritza-lanaren erakusketa dago; hautatutako 30 promozio horien deskripaben soziala eta gaur egungoa egiten du.

Horiez gain, Etxepare aretoaren ardatza ‘Etxea eraikitzea’ da. Etxebizitza-espazio bat dago bertan. Gainera, aretoak 40 urte hauetan etxebizitza publikoaren alorrean eman diren datu garrantzitsuenen errepasoa egiten du.

Programaren baitan, beste bi mahai-inguru ere antolatu dira. Maiatzaren 31n ‘hiria’ kontzeptua izango du ardatz eta ekainaren 14an etxebizitza politikaren ikuspegitik jorratuko da.

Gainera, lau asteburutan zehar, haurrentzako tailerrak egingo dira, belaunaldi berriei etxebizitza publikoaren garrantzia eta gizarte-funtzioa ulertzen laguntzeko. Hautatutako egunak maiatzaren 19 eta 26 eta ekainaren 9 eta 23 dira, larunbatak guztiak. Izena ematea doakoa da, eta erakusketaren webgunearen bidez egin daiteke: www.expohbc.eus.

2018-05-14T08:41:49+00:00