//Euskadiko 104.000 pertsonari etxebizitza lortzea ahalbidetu dietenei eskainitako omenaldia izan den ‘Housing the Basque Country’ erakusketa larunbat honetan amaituko da

Euskadiko 104.000 pertsonari etxebizitza lortzea ahalbidetu dietenei eskainitako omenaldia izan den ‘Housing the Basque Country’ erakusketa larunbat honetan amaituko da

Exposición Housing the Basque Country

  • Erakusketa larunbatean amaituko da, ia mila bisitari hartu ondoren. Gainera, Euskadiko etxebizitza publikoaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egiten lagundu duten hiru mahai-inguru eta haurrentzako lau tailer egin dira.
  • Erakusketa beste euskal hiriburuetan ere ikusi ahal izango da datozen hilabeteetan. Gainera, Manuel Monteroren, Javier Mozasen eta erakusketako komisario Luis Suárez eta Asier Santasen parte-hartzearekin egindako katalogo bat editatu da. Katalogo horretan, halaber, Víctor Urrutiak parte hartu du, eta zendu aurretik egin zuen azken lana izan da.

Bilboko Bizkaia Aretoan ikusgai dagoen ‘Housing the Basque Country’ erakusketa larunbat honetara bitarte egongo da zabalik. Aukera egokia da hobeto ezagutzeko nola planifikatu eta eraiki diren Euskadin babes ofizialeko 104.000 etxebizitza 1981etik 2018ra bitarte. Eta aukera egokia da, halaber, sustapen horietako bizimodua nolakoa den eta denboraren eraginari nola eutsi dioten ezagutzeko.

Erakusketa, nolanahi ere, milaka euskal familiari kalitateko etxebizitza publiko bat edukitzea ahalbidetu dietenei eskainitako omenaldia da.

‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi / Euskadiko Etxebizitza Publikoa) 1981-2018’ erakusketak etxebizitza publikoen (etxebizitza sozial, babestu, tasatu edo itunduen) 37 urteko historiaren errepasoa egiten du. Maiatzaren 3an ireki zen, eta ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Orain arte, mila pertsona inguruk ikusi dute.

Erakusketa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatu du, eta hiru gunetan banatuta dago: Chillida aretoan, etxebizitza-politikak 1981etik egun arte izan dituen emaitzak agertzen dituzten 30 proiektu berezi daude ikusgai. Planoez, argazkiez eta etxebizitzen banaketaren eskala txikiko erreprodukzioez osatuta dago.

Axular aretoan, Luis Asínek aukeratutako 30 sustapenen inguruan egindako argazki-lana ikus daiteke. Koloretako zein zuri-beltzeko formatu handiko irudiez osatuta dago. Lanaren gakoa giza faktorea da, sustapenetan bizi diren pertsonak agertzen baitira irudi guztietan.

Etxepare aretoan, berriz, etxeko gune baten errekreazio bat dago ikusgai, eta ia 40 urte hauetan etxebizitza publikoen inguruan eman diren daturik garrantzitsuenak eskaintzen dira.

Gainera, etxeenak irudikatzen dituzten egitura batzuk jarri dira Euskal Herriko Unibertsitateko Paraninfoko terrazan, eraikinaren kanpoaldetik ikusteko modukoak.

Erakusketako komisarioak Luis Suárez eta Asier Santas dira. Komisario horiek moderatzaileak izan dira erakusketaren aldian programatu diren bi mahai-ingurutan. Horietako bat arkitekturari buruzkoa izan da, eta Miguel Ángel Alonsok, Beatriz Matosek, Javier Cenicacelayak eta Nerea Morgadok hartu dute parte. Bestea, berriz, hiriari buruzkoa izan da, eta Carlos Quindósek, Xabier Unzurrunzagak, Concha Fernández Ordoyok eta Luis Asínek hartu dute parte.

Erakusketak, halaber, Eusko Jaurlaritzako bost sailburu ohi elkartzeko bidea eman du: Alderdi Sozialistako José Miguel Martín Herrera (1987-91) eta José Antonio Maturana (1991-95), Eusko Alkartasunako Patxi Ormazabal (1995-2001), Ezker Batuko Javier Madrazo (2001-09) eta Euzko Alderdi Jeltzaleko Ángel Toña (2015-16).

Exconsejeros de Vivienda en 'Housing the Basque Country'

‘Housing the Basque Country’ erakusketaren programan, halaber, jarduera paraleloak egin dira, hala nola arrakasta handia izan duten haurrentzako tailerrak. Saio horietan, 6-11 urteko haurrek erakusketa miatu dute, eta beren eraikinak sortu dituzte jokoen bidez.

Katalogoa eta hurrengo erakusketak

Bilboko erakusketa larunbat honetan amaituko bada ere, Eusko Jaurlaritzak beste leku batzuetara eramango du datozen hilabeteetan. Zehazki, Donostian aurtengo udazkenean irekiko den Euskadiko Arkitektura Institutuan ikusgai egongo dela ziurta dezakegu.

Erakusketak, halaber, Bizkaia Aretoko lanak laburbiltzen dituen katalogo bat eskaintzen du. Horrez gain, espezialista ospetsu batzuen testuak daude. Haien artean, Manuel Montero (Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia), Javier Mozas arkitektoa edo erakusketako komisario Luis Suárez eta Asier Santas azpimarra ditzakegu. Liburuak, bestalde, Víctor Urrutia soziologoaren kolaborazio berezi bat biltzen du; hain zuzen ere, zendu aurretik egin zuen azken lana izan zen.

2018-06-28T09:53:03+00:00