//Lau alderdi desberdinetako Etxebizitzako bost sailburu ohi bilduko ditu lehen aldiz ostegun honetan ‘Housing the Basque Country’ erakusketak

Lau alderdi desberdinetako Etxebizitzako bost sailburu ohi bilduko ditu lehen aldiz ostegun honetan ‘Housing the Basque Country’ erakusketak

  • Mahai-inguruan parte hartuko dute José Miguel Martín Herrera (1987-91) eta José Antonio Maturana (1991-95) sozialistek, Eusko Alkartasunako Patxi Ormazabalek (1995-2001), Ezker Batuako Javier Madrazok (2001-09) eta Ángel Toña (2015-16) nazionalistak. Etxebizitzako oraingo sailburuorde Pedro Jáuregui izango da bertan moderatzailea.

 

  • Arratsaldeko zazpietan hasiko da eztabaida Bizkaia Aretoan eta etxebizitza publikoko politikaren noranzkoa aztertuko dute bertan. 1981 eta 2018 urte bitartean Euskadin izandako BOE eraikuntza errepasatzen duen erakusketaren programaren barruan izango da eztabaida.

Euskadi erkidego aurreratuenetakoa da etxebizitza publikoari dagokionez, 1981eko eskumen-transferentziatik denboran eutsi izan zaion politikari esker. Erantzukizun hori beregain hartu zuen alderdi politikoa edozein izanik ere, gizartearen eskarien arabera eboluzionatu duten legeak eta araudiak garatu dira. 37 urte hauen ondoren, zer geratzen da egiteko? Norantz bideratu behar da etxebizitza publikoko politika?

‘Housing the Basque Country’ erakusketak, hilabete honetan Bilboko Bizkaia Aretoan ikusi ahal izango denak, arreta berezia jarri nahi izan du etxebizitza publikoan eragin zuzena duen politikaren alderdi horretan: nola, zenbat, non, tipologia…

Hala, erakusketa honen inguruan egingo diren ekitaldien barruan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako bost sailburu ohi bilduko ditu azken mahai-inguru batek. Garai desberdinetakoak, lau alderdi politiko desberdin ordezkatuz gobernatu zutenak. Hala, mahai-inguruan parte hartuko dute José Miguel Martín Herrera (1987-91) eta José Antonio Maturana (1991-95) sozialistek, Eusko Alkartasunako Patxi Ormazabalek (1995-2001), Ezker Batuako Javier Madrazok (2001-09) eta Ángel Toña (2015-16) nazionalistak. Etxebizitzako oraingo sailburuorde Pedro Jáuregui izango da bertan moderatzailea.

Ostegun honetan, ekainaren 14an, arratsaldeko zazpietan egingo da eztabaida Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Paraninfoan, eta sarrera libre izango da lekua bete arte. Ekainaren 30era arte zabalik egongo den ‘Housing the Basque Country’ erakusketaren alboko espazio bat hartuko du.

Erakusketa hiru aretotan banatuta

Luis Suárez eta Asier Santas arkitekto bilbotarrak dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatutako erakusketa honen komisarioak. Chillida aretoan 30 proiektu berezi egongo dira ikusgai, 1981etik gaur arte etxebizitzako politikak izan dituen emaitzak erakusten dutenak.

Axular aretoan, Luis Asínen argazkiak ikusi ahal izango dira, hautatutako 30 promoziorenak; formatu handiko argazkiak dira, koloretan eta zuri-beltzean.

Etxepare aretoan, etxeko espazio bat birsortu da eta ia 40 urte hauetan etxebizitza publikoari buruz izan diren datu garrantzitsuenak ere errepasatzen dira bertan.

‘Housing the Basque Country’ erakusketaren programak haurrentzako tailerrak ere hartzen ditu barnean. Horietatik azkena ekainaren 23an, larunbatean, egingo da ‘zure etxea + nire etxea’ izenburupean. Izen-ematea dohainik da eta erakusketaren webgunean egin daiteke: www.expohbc.eus

2018-06-12T10:13:44+00:00